Z38 – EL TRIBUTO DE LAS TRES VACAS

Hiru Behien Zergaren zeremonia

HIRU BEHIEN ZERGA

Frantziako Baretoseko bizilagunek urtero Erronkariri ordaindu behar dizkioten behiak. Bi haranetako alkateak eta agintariak San Martin Harrira igo ohi dira. Erronkariarrek, beren jantzi tipikoak jantzita, hortzeria, ilaje eta adar mota bereko hiru behi jasotzen dituzte, zeinak aztertu egiten baitira jaso aurretik.

Urtero uztailaren 13an Frantzia eta Espainia arteko 262. mugarrian egiten den erritu honetara jende asko joan ohi da. Izabako alkateak hiru aldiz galdetzen die Baretosekoei: “Prest al zaudete, aurreko urteetan bezala, zerga ordaintzeko?” Baretosekoek gaztelaniaz erantzuten dute: “Bai jauna”. Eta jarraian “pax avant” hitzak esaten dituzte. Horren ondoren, eskuak jartzen dituzte mugarriaren gainean bakea adierazteko, eta denen gainean Izabako alkatearen eskua. Gero bazkaria egiten da, non erronkariarrek haragia jartzen duten eta frantsesek kafea.

Zerga honen jatorria.

1375. urtean gertatu zen, Izabako Pedro Karrikak Baretoseko Pierre Sansoler uragatik hil zuenean. Pierre honen aitak, Anginarrek, eta Baretoseko alkateak talde bat antolatu zuten mendeku hartzeko asmoz. Belaguan, haurdun zegoen Karrikaren emaztea aurkitu eta azpikeriaz hil zuten. Gertaera horrek bere onetik atera zituen Karrika eta bere ahaideak. Gauez Anginarren etxera joan eta Belaguako gertakaria ospatzen ari zirenak hil zituzten, baina Sonsolerren emazteari eta semeari bizia barkatu zieten. Baina, ihes egitea lortu zuen Sonsolerren neskame batek esanda, ondoko Ereta herrikoak jakin zutenean, erronkariarrei segada bat prestatu eta denak hil zituzten.

Gerra ezohiko krudelkeriak eragiten hasi zen, eta bi herrialdeetako subiranoek, Nafarroako Karlos II.ak eta Bearnoko Gastonek, Anson elkartu eta haranei agindu zieten beren kereilak auzitegi goren baten esku uzteko. Azkenean, Baretosekoek su-etena eskatu zuten, eta harrezkero etenik izan ez duen zerga hori ordainduko zutela ezarri zen.

Eskualdeko aberastasuna egurra da, eta artaldeak ere bai beren gazta-produktuekin. Egurrarentzat irteera bakarra ibaia zen. Basoan moztutako zuhaitzak arrastaka eramaten ziren ibaiertzeraino. Gero, enborrekin plataforma edo almadia bat eratzen zen, korronteak herrestan eramaten zuena, eta gizon batzuek almadiara igo eta gidatu egiten zuten, eskuan haga luze bat zutela. Almadiazainek gizon gogorrak eta indartsuak izan behar dute korrontearekin eta ibaiko zailtasunekin borrokatzeko, batzuetan zurrunbiloan joaten bada ere, beste batzuetan lasaitu eta gelditu egiten baita. Batzuetan, almadia hobeto gidatzeko, uretara salto egin behar izaten zuten, eta beste batzuetan, presetako jaitsiera azkarretan adibidez, plataformaren erdian makurtuta egon behar izaten zuten orekarik ez galtzeko. Beren trebetasun guztia behar izaten zuten bidaiaren amaierara ondo iristeko. Garai batean, zenbait lekutatik igarotzean, ibaia jabetza pribatu bihurtzen zen eta almadiazainek pasatzeko eskubidea ordaindu behar izaten zuten. Xabierko gazteluko jaunei, adibidez.

Jota herrikoiak zura garraiatzeko lan gogor horren berri eman eta Nafarroako aberastasunaren beste alderdi batzuekin uztartu du modu alaian, herrialdearen batasuna bere aberastasun eta lan anitzen bitartez izendatu nahian bezala.

Para vinos Artajona,   (Ardotarako Artaxoa)

para praderas Baztan,   (belardietarako Baztan)

para olivares Tudela,    (olibadietarako Tutera)

para almadieros Roncal.  (almadiazainetarako Erronkari)

Julian Gaiarre.- Erronkari ibarreko pertsona famatu bat Gaiarre da, Erronkari herriko semea, munduko agertokietan arrakasta handia lortu zuenean bere herria beti bihotzean eraman zuen kantari handia. Gizon triste eta serioa zen. Haren bizitza, ospea iritsi zitzaion arte, gogorra izan zen, borrokatu egin behar izan zuen, baina arrakasta lortu zuen. Intuitiboa eta pentsakorra, luzaroan bizi izan zen heriotzaz kezkatuta. Gaiarre Erronkarikoa zen, sekulako mendi eta haitzarteetan bidea irekiz, harkaitz eta zuhaitz handien artetik behera doan ibaiaren hotsa besterik entzuten ez den lurralde gogor eta isilekoa.