Z40 – MENDAUR – EKAITZA

MENDAUR 1.131 m. MENDIEDER 1.086 m. EKAITZA 1.047 m.

Aurtitz (Iturengo auzoa). Taberna-dendaren ezkerraldetik eta errepidearekiko paraleloan, pista bat hasten da etxeen artean. Berehala, iturri baten ondoan, zubi bat gurutzatu eta, ezkerretara, bide zabal bat hartuko dugu. Hodi baten azpitik igaroko gara eta gero iturri baten ondotik, ezkerretara beste bide bat utziz. Bidegurutze batera heltzean, aurrera jarraituko dugu, eta bihurgune batean pista batera iritsiko gara. Bihurgune horretan, bide zabal bat hartuko dugu, ordura arteko norabide berean; txoko batean, ur-jauzi baten ondotik pasatuko gara. Sigi-saga igotzen jarraituko dugu, ezkerretara bide bat utziz, eta handik gutxira, eskuinetara, borda bat. Berriro bidegurutze batera iritsita, eskuinekoa hartuko dugu eta, jarraian, ura eramateko zubi baten azpitik igaroko gara; errekatxoa gurutzatuko dugu mendian gora jarraitzeko, eta sakana ezkerrean izango dugu urtegira iritsi arte.

Ibilbideen banaketa: Mendieder eta Mendaur alde batean eta Ekaitza bestean.

MENDAUR eta MENDIEDER. Eskuinetara dugula urtegia inguratu eta bide zabaletik, erreka bat zeharkatu ondoren, borda batera iritsiko gara (ezkerretara). Bidea utzi eta bordaren gainetik marka horiak dituen bidezidor bat igotzen da; marka horiei jarraituz, beste borda eraitsi batera iritsiko gara, Bustitzako lepotik gertu. Mendaurrera igotzeko, bidezidorretik gora sigi-saga jarraituko dugu, gailurrera iristeko igo behar diren eskaileretaraino (goian Trinitatearen baseliza dago, aterpe eta guzti).

Mendiederrera igotzeko: Lepora iritsitakoan, mendi-bizkar belartsuaren goiko aldetik jarraituko dugu, gailurrera heldu arte.

Ekaitzera igotzeko: Urtegitik abiatuta, gorantz egingo dugu, lehenik basoan zehar eta, gero, eremu zabalean, mendi-bizkarraren goiko aldera iritsi arte. Jarraitu bizkar hartatik gailurreraino (harkaitzak saihestuz).

Denbora: Urtegira arte: 1h 30’. Mendaurrera: 1h gehiago. Mendiederrera: 50’ gehiago. Ekaitzera: 1h gehiago.

Sunbillatik ere badago oso igoera interesgarri bat: 1h 40’an irits daiteke Bustitza leporaino eta 15′ gehiago behar dira gailurrera heltzeko; guztira: 1h 55′.