








ORDESA OSORIK HIRU ETAPATAN
LEHEN ETAPA.
Ibilbideari ekiteko, Tozal del Malloren azpiko harrera-etxetik hasten den bidea hartu behar da, Ordesa bailarako aparkalekuko sarrera baino kilometro bat lehenago.
Bidezidorra sigi-saga igotzen da basoan zehar, eta honen amaieran egurrezko aterpe txiki bat dago. Han Tozalgo norabidea hartu eta uhar batetik igarotzen da. Gorago, harkaitzaren azpitik, hegalkin batetik hurbil igarotzen da; leku egokia da hura bibakeatzeko. Handik eskuinera doa bidea, harresi handirantz, Salaronsko iltzeak dauden lekura. Haiek gainditu ondoren, ezkerretara ia horizontalak diren terraza belartsu batzuetatik, Tozalgo gailurrera iritsiko gara. Beheko haranaren behatoki aparta da tontor hura. Lehengo bidetik atzera egin, eta gorantz egingo dugu Salarons haranera iristeko. Gure ezkerretara dagoen muinoa hartu eta Escuzana edo Monderruego gailurrera igoko gara. Handik ederki ikusten dira Bujarueloko harana eta Tendeñera mendia. Gero, eskuinetara, haranera jaitsiko gara, Gabietoetara joateko gailurreria ez baitago erabiltzeko moduan. Taillon aldera joanez, altuera handirik ez galtzen saiatuko gara. Aldapa luze batek Taillon eta Gabieto mendiak lotzen dituen lepora eramango gaitu. Ezkerreko gailurreriak gertu dauden bi tontorretara eramango gaitu. Berriro mendi-lepora itzulita, ondo zehaztutako bidezidor bat Taillonen gailurrean amaitzen da. Mendia hegoaldetik inguratzen duen bideak, inguruan hatza eta Bacillac mendia dituen sasi-arrakalara jaitsi eta Errolanen Arrakalaraino eramango gaitu.
BIGARREN ETAPA.
Arrakalatik abiatzean, Gorizko aterperantz doan bidea hartuko dugu, sarrioen lepora iritsi arte. Han, Gorizera doan bidexka utzi eta ezkerrekoa hartu behar da, Casco mendira igotzen dena. Gailur horretatik berriz jaistea da onena, terraza luze batzuetatik Marborera doan bide markatua hartzeko. Dorrearen harresia gainditu ondoren, ezkerrera doan bide nabarmen bat hartuko dugu, Serradets aldera amiltzen den gailur horretara igotzeko. Han onena behera jaitsi eta Zilindrorantz doazen terraza luzeetatik joatea da, motxilak ezkutu antzean utzi eta ezkerreko gailurretara pisurik gabe igotzeko. Gero, Marboreko Bizkarretik hasi eta Ur-jauziaren hiru tontorretatik, Marboreko gailurrera iritsiko gara, Gavarnieko zirku osoa gure oinetan dugula. Motxilak dauden lekuraino jaitsi eta, Zilindroren lehenengo kontrahorma inguratzen duen bidexkatik, aintzira izoztura iritsiko gara. Zilindrorako igoera, mendi-lepo batean amaitzen den bide nabarmenetik doa. Heldulekuak higatuak dauden erreten batetik tarte labur batean lau hankan igo ondoren, gailurreraino eramango gaituen gailurreriara iritsiko gara.
HIRUGARREN ETAPA.
Aintzira izoztutik Perdidora igotzeko, lehenbizi hango sorbaldara eta handik gailurrera doan bide markatuari jarraitu besterik ez dago. Malda gogorra da eta, elurra badago, beharrezkoa den materiala erabili beharko da. Gailur hau ibilbide osoko lekurik garaiena da, eta sekulako ikuspegia eskaintzen du.
Bidean aurkituko ditugun kontrahormak. Azkenekoak ur-jauzi batzuk ditu (1h 45′) eta eskuinaldetik gaindituko dugu, aintzira izoztura iritsi arte (2h 20’), zeina justu Ordesako bi mendi erraldoien artean baitago: Perdido mendia (eskuinean) eta Marboreko zilindroa (ezkerrean, 3.325 m.).
Iboitik ezin hobeto ikusten da igoerako tarterik bereziena: Escupidera delakoa. Malda handiko belardi handi bat da; elurrarekin edo elurrik gabe, lehenik eskuinaldeko gandorretik egingo diogu aurre, eta, gero, bertara sartu, gurutzatu eta ezkerreko hormetara itsatsiko gara, iparraldeko glaziarraren gaineko lepo edo gailur aurreraino, eta Perdido mendiko hatzetik oso gertu. Handik, azken zati bat igotzea baino ez da faltako (eskuinaldean); oso zati nahaspilatsu eta zapaldua da, eta, sarritan, elurzulo batek estalia gailurreraino (3h 25′), non aparteko panoramikaz gozatuko dugun.
Gailurra: Perdido mendia (3.365 m.). Ehun mendien lehiaketarako puntuagarria. Kokapena: Ordesako parke nazionala, Huescako Pirinioetan. Zailtasuna: handia. Zeharkaldi luzea, baina zailtasun teknikorik ez duena. Escupidera delakoan elur izoztua badago, nahitaezkoak dira kranpoiak eta pioleta. Garairik egokiena: maiatzetik irailera bitartean. Desnibela eta denbora: 1.600 metro. 6h 15’ (3h 25’ igotzeko). Komunikazioak: Jaka (N-240), Sabiñanigo eta Biescastik (N-260), Torlara eta handik Ordesako zelaira (HU-630). Udan eta Aste Santuan: bidea moztu egiten da ibilgailuentzat Nafarren zubitik aurrera (garraio publikoa).
Zerbitzuak: Gorizko aterpea: T. 974 34 12 01. Ostatuak: Lucient Brent T. 974 48 62 21 eta L’Atalaya T. 974 48 60 22. (Torla) Torla landa-turismoa 974 48 60 67. La Pradera de Ordesa jatetxea: 974 48 62 88.
Torlako informazio-bulegoa: T. 974 84 86 52.
ORDESA OSORIK HIRU ETAPATAN
CUSTODIA TONTORRETIK
Ekialderantz jaitsiko gara, Soum de Ramond mendiarekin lotzen duen ertzaren bila; han soka erabili beharko da. Soum mendiko gailurra Aniscloko arroilaren begiratoki bikaina da.
Jaitsi, Pineta haranera begira dagoen aldetik jaitsiko gara, aldapa gogor batetik. Haran zabal baten ondoren, gandor biribildu batetik igoz Punta de las Olas tontorrera iritsiko gara. Gailurretik aurrera bidexka bat jarraitu behar da, hasieran gandorretik eta gero harritza itzel batetik. Han, harrizko mugarri batzuek haitz-harresia zeharkatzeko funtsezkoa den pasabide batera eramango gaituzte, nahitaez lau hankan jaitsi beharreko pasabidera, Añiscloko mendi-lepotik datorren eta haranean behera Gorizko goiko lepora eramango gaituen IL/GR-11ko bide zabal eta erosoa hartzeko. Handik zuzenean igo behar da Pico de la Custodia mendiaren gailurrera.
Handik aurrera, ibilaldi luze eta erosoa egingo dugu Ordesako bailara inguratzen duen muino horretan zehar, mendi-tontor txikiak igoz eta inguruan ikuspegi paregabea dugula: egiten ari garen zeharkaldia osatzen duten gailur-kate luzea. Diazasko lepora iristen garenean, bidezidor arriskutsu samar bat bilatu behar da, lehenik Pelayko zerrendako aterpe eta begiratokira jaisten dena, eta gero zuzenean Ordesako haranera.
GAILURRAK, GARAIERAK ETA DENBORAK
LEHENENGO EGUNA BIGARREN EGUNA HIRUGARREN EGUNA
IGAROTAKO LEKUAK Garaiera Denbora partziala Denbora guztira
IGAROTAKO LEKUAK Garaiera Denbora partziala Denbora guztira
IGAROTAKO LEKUAK Garaiera Denbora partziala Denbora guztira
BUJARUELO-GAVARNIE
Nafarren zubitik Bujaruelora joango gara, 1388 m. Zubia zeharkatu behar da Ara ibaiaren ezkerraldeko ertzera igarotzeko. Handik, portuko amildegiaren ertzetik, bidezidor bat doa, bihurgune sigi-sagatsuetan Pazosako zelaia (1.965 m.) zeharkatzen duena, eta portuko tontorreraino iristen da (linea elektriko bati jarraituz). Han dago muga adierazten duen mugarria, San Martin izeneko harrian. Bideak orain Tourettesko amildegia inguratzen du, harritzen eta basoen artean, soldaduaren babeslekua gainditu arte. Eskuinean, Errolanen Arrakalara doan bidegurutzea dago, uhar baten ondotik igotzen dena, Serradetsko aterpera edo handik hurbil dagoen Arrakalara heltzeko. Denbora gutxian Arrakala horretaraino igo daiteke.
Soldaduaren aterpean gaudela, Gavarniera joateko, Arrakalako bidegurutzea beheko aldean utzi eta, Bellavue zelaigunea igarota, 1.338 metroko garaieran dagoen herrira iritsiko gara.
Denborak:
Nafarren zubitik Santa Elena ermitara 30’
Santa Elena ermitatik Bujaruelora 45’
Bujaruelotik Bujarueloko portura 1h 15’
Bujarueloko portutik Gavarniera 3h
Denbora guztira: 5h 30’