


ORDESA-OTALGO HARANA-PANTICOSAKO BAINUETXEA:
Nafarren zubitik abiatuko gara, Ara ibaiaren ezkerreko ertzean. Abiatu eta laster, zubi txiki batetik Sopelianako sakana zeharkatu behar da. Zubia gurutzatu ondoren, Araren eskuinaldeko ertzean Santa Elena ermita dago baso artean, eta izen bereko ur-jauzia ere ikusiko dugu. Ibaia behean hondoan geratzen da, eta bideak gora egiten du, Gaterako harresiak alde batera utzita, San Nikolas ermitara eta Bujaruelo osatzen duten etxe multzo txiki batera iristeko (1.388 m). Cauterets gainera doan bidea hartuko dugu, Bujarueloko San Nikolas zubia eta basoak zeharkatzen dituena, Ara ibaiko goialdeko bailaran barneratzeko. Ezkerreko ibaiertzetik jarraituz, handik gutxira Lapazosako sakana zeharkatu eta, aurrerago, Otal eta Ara ibaien elkargunera iristen da. Hango belardietan, Aragoiko mendizaleen kanpin bat dago (1.400 m), ehun bat dendatarako lekua duena (denbora Nafarren zubitik, gutxi gorabehera: 2h), alde batean Sandarueloko mendilerroa eta Vignemaleko mendigunea dituela eta bestean Peña de Otal edo Arañonera, Tendeñera, Sabocos, Ordisa (2.319 m.) eta Calcite (2.575 m.). Ia beti Ara ibaiaren ezkerraldetik doan bideak, Cerbollinar izeneko lekura eramango gaitu eta, ondoren, Los Batanes-eko amildegiraino, Cresta de los Buitres mendiaren eta Pico Bramatuero tontorraren oinean (2.906 m). Aipatutako Los Batanes amildegitik jarraitu behar da, Brazato lepora eta izen bereko lakuetara igotzeko. Handik, bidezidor egokietatik, mendi-zirku erabat itxi batean dagoen Panticosako bainuetxera (1.636 m.) jaisten da.
Egun osorako ibilaldia.