Z41 – PICO ZUPARROBI

ZUPARROBI (Zuperrori) 1.169 m.

Usategietako gainetik metro batzuk beherago, Ezkurrarako norabidean, pista bat abiatzen da eskuinetara, eta hari jarraituko diogu alanbre hesi baten ondotik. Aurrerago pista utzi, eta ezkerretik, alanbre hesi baten ondotik, Artxuloko magaletatik igoko gara, pista moduko bide batetik, eta bidegurutze bat utziz eskuinetara. Aurrerago, tarte handi samar bat igo ondoren, bideak eskuinetara egin eta zelaigune txiki batera jaisten da; jarraitu pareko bidetik aurrera, aldapa handi samar bat igota, eremu irekira irteteko; hartu orain pista moduko pareko bidea, geroxeago eskuinera jarraitzeko, eta ibar batetik erdian harrizko aterpe bat duen haran txiki batera irtengo gara. Ezkerrera igotzen den pista hartuko dugu orain; gero, alanbre-hesitik, Zuperrori mendiko gailurrera iritsiko gara (Zuperri ere esaten zaio).

Kornietara igotzeko, berriz, lehenbizi lehengo lepora jaitsi eta handik gailurreraino eramango gaituen aldapa igo behar da.

Denbora: Zuperrorira 1h 45’; Zuperroritik Kornietara 30’.

Mendi hauek, Ezkurra eta Basaburua ibarretako Ezkurra eta Beruete udalerrien artean daude, Kantauriko eta Mediterraneoko uren banalerroan, Belate, Uitzi, eta Azpirotz arteko aldean.