Z42 – ZUPARROBI – LAHONTZI – IREBER

IREBER 1.204 m.

Beruete: Herria igarota, errepideak beste hiru bat kilometro gehiago egiten ditu. Errepide hau amaitu baino lehentxeago, bere gunerik altuenean, zabalgune txiki bat dago. Han, eskuinean, inguruko bordetara igotzen den bide harritsu bat abiatzen da. Bidegurutze batera heltzean (10’), eskuinetik jarraitu behar da. Geroxeago, bidegurutze berri bat; jarraitu ezkerretik, beste borda baten ondotik igaroz (5’). Poliki-poliki bidea mendi-hegalean gora doa eta ibar batean barneratzen da, Ernaitzu eta Ireber arteko leporantz (15′). Handik zuzenean igo tontor harkaiztsura (10’)(Bidea pintura horiz seinaleztatua dago).

Denbora: 40’.

IREBER 1.204 m.

Arrarats: Elizaren ondoan pista bat hasten da, gero baserri baten ondotik pasatzen da, eta jarraian Otsolako haran ireki eta garbira iritsiko gara. Pista utzi eta, ezkerretara, itxituraren eta iturburuaren artean dagoen bidezidor bat hartuko dugu. Alanbre-hesi bat zeharkatu eta eremu lauan jarraituko dugu, zuhaitzez estalitako bi muinoen artean haran txiki batera iritsi arte. Eskuinetik igoko gara, iratze artean lehenik eta basoan gero, larreetara irten arte. Handik, inolako zailtasunik gabe iritsiko gara Ernaitzuko gailurrera. Tontor honetatik bertatik edo aurreko gune horretatik, Ireberko gailur harritsura igo ahal izango gara. Goiko aldetik jarraitzen badugu, bide onetik eta zenbait zuhaitzen artean, Launtzeko gailurrera iritsiko gara. Basaburuko, Imotzeko eta Araizko haranen ikuspegi ederrak.

Denbora: Ireber: 1h 45’; Ernaitzu: 1h 45’; Launtze: 1h 55’.

Oharra: Marka gorri eta zuriak daude Otsola ibarretik ia gailurreraino bertaraino.

AIZTONDO 1.007 m.

Beruete: Herria igaro eta kilometro bat pasatxora, iturri bat dago ezkerretara. 60 metro gorago, berriz, gurdibide zabala. Handik 5’ra, bidegurutzean hartu ezkerrera bihurgune zabala. Ezkerrean, alanbre-hesiz inguratua dagoen borda handi baten ondotik igaro (7’); handik 100 metrora, bide hori utzi eta gorantz basorantz doan bidezidor batetik jarraituko dugu (3’). Basoa inguratuz gorantz egiten du eta aurrerago kontrako noranzkoan datorren beste bide batekin elkartzen da (15’); azken honetatik jarraitu eta 300 metrora noranzkoa aldatu eta utzi egingo dugu. Basoa angelu zuzenean gurutzatu, pixka bat jaitsi eta aurrera gorantz egin, harkaitzez jositako eremuan: hantxe dago gailurra (15’).

Denbora guztira: 45’.