SANTA BARBARA (Malkorraundi) 853 m.
Gorriti: Irten herritik 100 bat metrora uzten den bide batetik eta jarraitu ezkerretik elkartzen zaion beste batetik; bide hau, zelai batzuk mugatzen dituzten bi harrizko hesien artetik igaro eta tontorrean dagoen ermitarantz igotzen da. Erdi aldera dagoen lautada txiki batera iristean, eskuinetara joatea komeni da, alanbre-hesi batera iritsi arte, gero haren ondotik jarraitzeko gailurreraino.
Denbora: 30/35’.
GURATZ 955 m.
Uitzi: Herri txiki hau zeharkatu ostean, jarraitu Gorriti aldera. Errepide horretatik hasi behar da igotzen (Arrite, Uitzitik 3 bat kilometrora); goitik 200 bat metro egin ondoren, bihurgune batean eskuinetara basoan barneratzen den pista bat hartuko dugu, ezkerretara bihurgune zabal bat eginez, muino batera igotzen dena. Muino horren gainera heltzean, pista bitan banatzen da (15′), eta ezkerretara jaisten den adarra utzita, zelai bat zeharkatu eta pareko basorantz joko dugu. Zelaitik doan bidea gutxiago markatua egon arren, ez dago zailtasunik handik jarraitzeko, zuhaitzen arteko zorua garbia baita. Igoeraren erdi aldera eta basoaren amaieran, gailurrerantz zuzen igotzen den alanbre-hesi batera iristen da, eta, hari jarraituz, berehala iristen da postontzira.
Denbora: 30’.