Z44 – ASCENSION MONTE PERDIDO – VIA NORMAL DE ORDESA

PERDIDO MENDIRAKO (3.365 m.) OHIKO IGOERA GORIZKO ATERPETIK ABIATUTA

Perdido mendiari buruz ari garenean, Pirinioetako ikurretako baten aurrean gaude. Ez bakarrik Pirinioetako hirugarren mendirik altuena delako. Haren izena duen mendigunea, mendilerroko handienetako bat da, eta paraje ikusgarrienetako batzuk hartzen ditu, hala nola Ordesakoa. Gailurretik dauden bistak opari paregabeak dira eta Gorizko aterpetxetik egin ohi den igoera, luzea bada ere, ez du zailtasun teknikorik. Beste kontu bat da La Escupidera izeneko gunea, zoritxarrez Pirinioetako puntu beltzetako bat izateagatik baita ezaguna. Baina han gertatu ohi diren istripu hilgarriak erraz saihets daitezke, baldin eta elur izoztua badago, kranpoiez eta pioletaz hornituta joanez gero.

Gailurrerako azken igoera ahalegina Gorizko aterpetik egiten bada ere, txangoa dezente beherago hasten da, ibilgailua iristen den Ordesako zelaitik. Beraz, igoera osoa egiteko bi egun behar izaten dira. Lehenengo egunean beheko zelaitik Gorizeraino igoko gara, Arazasko arroilatik, Soasoko harmailetatik eta izen bereko zirkutik, Cola de Caballo ur-jauzi ezaguna dagoen lekutik, igaroz. Azken zati horretako desnibela, berriz, inguruan dauden iltzeetatik edo harkaitzak eskuinetik saihesten dituen bidezidor bihurgunetsu batetik gaindituko dugu. 4 ordu inguruko ibilaldia (zirkuraino edonork egiteko modukoa), Pirinioetako paraje berezi eta ederrenetako batean.

La Escupidera

Gorizen gaua igaro ondoren (udan ezinbestekoa da erreserba ziurtatzea), azken igoerari ekingo diogu Perdido mendiko hegoaldeko isurialdetik. Aterpe gainean bertan, ondo markatutako bidezidor bat hasten da ipar-ekialderantz igotzen. Bata bestearen ondoren datozen bihurguneek, igoera erraztu eta, aldi berean, malda gainditzen laguntzen dute.