Z5 – SIERRA DE ZARIKIETA

ZARIKIETAKO MENDILERROA

Agoitz: Irati ibaiaren gaineko zubia zeharkatu eta zentral elektrikora doan pista hartuko dugu. Ia hasieran, beste pista bat hartuko dugu eskuinera, poliki-poliki gorantz egiten duena. 30’ Bidegurutze batera iritsiko gara, eta guretik jarraituko dugu aurrera. 40’ Beste bidegurutze bat, zuzen jarraitu aurrera. 50’ Beste bat; aurrera jarraitu, ezkerrera. 55’ Mendi-lepo batera iritsi, alanbre-hesia zeharkatu eta pista utziko dugu; eskuinetara beste bide-pista on bat hartuko dugu, aldapa gogorrean gora, alanbre-hesia eskuinetara duela. 1h 10’ Alanbre-hesia ezkerretara igaroko da. Aurrera jarraituko dugu, eta laster iritsiko gara goraino.

Santa Barbarara igotzeko bi aukera daude:

1.a Alanbre hesian jarritako mailak igaro eta Errala eta Santa Barbara arteko lepora iritsi; eskuinera egin, lur sail zikinetik, eta muino batetik igarota tontorrera heltzen da.

2.a Pistan metro batzuk gehiago ibili, alanbre-hesia zeharkatzen duen sarreraraino, etxola baten parean kokatzeko; handik, haitza ikusten da ezkerretara, eta markatutako bidetik gailurrera iritsiko gara. 1h 55’ Santa Barbara mendiko haitzeraino (oso ikuspegi ona: Zarikietako zirkua, etab.).

2h 20’ Etxolara eta pistara itzuliko gara, aurrera jarraitzeko. Beste alanbre-hesi bat zeharkatu eta pistatik jarraitu. 2h 40’ Putzua eskuinaldean, bidearen ondoan. 2h 55’ Artxugako eta Zarikietako mendilerroak elkartzen diren lepoa (eskuinean, Zarikieta mendia 1.049 m); eremu harritsuagoan jarraituko dugu, baina hau ere ona. 3h 05’ Lepo batera irtengo gara. Aurrean Mendigaña ikusten da eta atzean Baigura.

3h 30’ Eskuinera ateratzen den pista bat utzi ondoren, Mendigañako barrenera iritsiko gara. Pistak Arizkuren aldera jarraitzen du. Aurrera jarraituko dugu, ia gailurreraino igoz. Eskuinean, harkaitz-tontor bat ikusiko dugu, zuhaizti eta guzti. Goialdean pista utzi eta zailtasunik gabe iritsiko gara tontorrera. Mendigaña 1.100 m.

4h 40’ Berriro ekingo diogu martxari, bide beretik Mendigañako barrenera itzuliz. 4h 55’ Arizkurenera jaisten den eskuineko pista hartuko dugu, Mendigaña inguratuz eta altuera galduz; ezkerretara, pistaren ondoan, Arizkuren herri abandonatuko eraikin erdi eraitsiak ikusiko ditugu.

5h 15’ Etxeen eskuinetara doan bideari jarraitu eta ibairaino eramango gaitu. Haren ondotik jarraituko dugu, zenbait lekutan zailtasunik gabe zeharkatuz. Eskuinean, mendian, Uliberri dago (zaindutako etxeekin); aurrerago, gain ireki batean, Oloziko herri eraitsia dago, hau ere eskuinaldean.

6h 05’ Iturria ezkerrean (ibilbide osoan bakarra). 6h 15’ Pisten bidegurutzea; eskuinetik jarraituko dugu eta aldapa txiki baten ondoren, 6h 30’, Irati ibaiaren gaineko zubi esekia. Agoizko zentral elektrikora doana inguratu eta zubi ikusgarria zeharkatuko dugu.

Errepidean begiratoki bat dago ibaiaren gainean, eta Santa Barbarako haitz polita haranaren gainean.

Posdata: Mendigañako ikuspegiak zoragarriak dira. Ipar-mendebaldetik ipar-ekialdera: Larrogain, Aintzioa, Elke, La Corona, Baxa, Ortzanzurietako ingurua, Baigura eta Erremendia. Ekialdean, Pirinioak eta Aldaxur. Hego-ekialdetik hego-mendebaldera: Zarikieta, Leire, Itzaga, etab. Mendebaldean, Iruñea, Andia, Urbasa, Aralar eta Aizkorri.