GAUBEAKO BEGIRATOKIA
AÑANAKO MENDIEN MENDEBALDEKO MUTURRA
OLVEDO
Jende gutxi ibili ohi den mendia, artadi trinko baten gainean nabarmentzen dena.
OLVEDO (930 m.) eta haren gailur bikia, San Andres (934 m.), Añanako mendietan kokaturik daude, mendilerroa altuera galtzen hasten den puntuan, gero Omecillo ibaiaren gainean amaitzeko.
Igoera erosoa dute Villamadernetik eta Bellojinetik (620 m.). Gaubeako barrutiko azken herri horretan, bi etxetan bakarrik bizi dira eta ermita erromaniko bat ere mirets dezakegu (San Kornelio, XI. mendea), xumea eta ondo berritua.
Udalerriaren goialdean daude herriko iturri bakarra eta uraska. Han, ezkerrean, pista zabal bat hasten da, mendiaren hegoaldeko hegal osoa estaltzen duen artadi trinkoan barneratzen dena. Pasadorreko bidea (“Camino del Pasador”) du izena. Urmael bat uzten du ondoan (lehortua egoten da udan) eta, berehala, suebaki bihurtzen da, haritz eta arteen artean, handik ezkutatuta dagoen Olvedorantz maldan gora igotzen dena.
Bi zati ditu. Lehenengoak malda handia du eta oso eremu eguzkitsua zeharkatzen du. Handik gutxira lautu (20′), pinuen eta arteen artean sartu eta bidegurutze batera iristen da (30’). Ezkerretik sakanera jaitsi, non neguan errekasto bat igarotzen den, eta berriz ere gorantz egiten du. Peña Motxara (900 m.) eramaten du. Handik gertu, telebista errepikagailu bat dago. Gure ibilbideak (eskuinetik) Gineako atakara eramango gaitu, Espejoko lurrak eta Osma harana lotzen dituen bidearen punturik garaienera.
Lepora iritsi aurretik, eskuinera desbideratu eta San Andres gailurrera (934 m.) iritsiko gara; Pelistornesko gaina ere esaten zaio (20’).
Gure helmugarantz jarraituko dugu, orain arteen eta pinu bakan batzuen artean doan bide lauagotik, ia mendi-leporaino iritsi arte. Olvedo begi bistan dugula (ezkerrean), bidea utzi eta basoan sartuko gara (1h). Ganaduak egindako bidezidorrek erraztu egiten dute hurbilketa.
Pistaren eta gailurreko muinoaren arteko tarte hori neketsua da. Behin eremu belartsu eta garbian gaudela (1h 05′), gailurreraino igotzea baino ez zaigu faltako (1h 10′). Gailurrean, zutarri bat eta amildegien zintzilikatutako postontzi polit bat daude.
Itzultzeko, jaitsi Gineako atakara; han, harkaitza inguratu eta pista nagusira jaisten den bidezidor bat hartuko dugu, eta, gero, igotzeko bideari jarraituko diogu Bellojineraino.
Denbora guztira: igoera Olvedora: 1h 10’; San Andresera (Pelitornesera): 20’ gehiago.