

GIPUZKOA ALDEKO ARALAR
ARTUBI 1.265 m., BALERDI 1.195 m., UAKORRI (Urakorri) 1.306 m., BEOAIN (Beoin) 1.350 m., ALDAON 1.411 m., IRUMUGARRIETA (Sollazbizkargaña) 1.431 m.
Amezketa: elizaren atzealdeko errepidetik aurrera jarraitu. San Martinen ermitara hurbiltzean, hartu eskuinera pistatik (Aralarko itzuliari dagozkion marka zuri eta gorriak daude). Utzi autoa pistak bat-batean eskuinera egiten duenean. Jarraitu pistatik, pinu artean muinoan gora igoz eta beti eskuinera hartuz, Larraondoko mendi-lepo ederrera irten arte. Han trikuharri bat dago, eta eskuinaldean Txindoki eta Larraone ikusten dira, ezkerrean Urreagako Haitza eta parean guk igo behar dugun Artubi eta Zabalegi. Laster horma bat aurkituko dugu, eta horma horretan Gipuzkoako Itzuliari dagokion IL/GR 121 zeharkaldiko markak (30′). Eskuinera egingo dugu pixka bat eta pareko bidetik igoko gara, nahiko airean dagoen bidezidor bat hartzeko. Azken hau, haitz handi bat eta iturburu bat dauden lekutik igaro (30′), eta txabola zahar bat duen Zabalegiko lepora igotzen da (10′). Ezkerrera egingo dugu Zabalegi gure atzean utzita, Artubiko gailurrera igotzeko, 1.262 m (35′). Balerdira joateko, alanbre-hesia zeharkatu eta gailurreriatik jarraitu ipar-ekialderantz.
Artubitik Astunaldeko lepora jaitsi, alanbre-hesiari jarraituz (10′), eta Urakorrira igoko gara (15′). Oako lepora jaitsi (15’) eta Beoinera igo (15’). Gainez gain jarraituko dugu Aldaonera arte (20’). Handik Baratzailgo lepora jaitsi (15’) eta Intzako Dorrera (Irumugarrieta/Sollazbizkargaña) igoko gara (15’).