LA CRUZ DE ALDA (Perriain)
Igoera erosoko gailurra, Lokiz mendilerroaren Arabako aldean dagoen pagadiaren gainean nabarmentzen dena.
Perriain (Cruz de Alda), bere 1.121 metroekin, mendilerro honetako tontorrik garaiena omen da.
Igoera Uribarri Harana herrian hasiko dugu. Hilerria igaro ondoren, alde batera geldituko zaizkigu putzu bat eta seinale batzuk. Lurrezko pistak pagadian barneratu eta laster egiten du gora. Oso ibilaldi atsegina da zuhaiztian barrena. Tarte batean ibili eta gero, pista malda galtzen hasten da, mozketek argitutako pagadi bat inguratzen du eta, beti ere gurdientzako moduko bidetik, Mojón Largo mendi-lepora heltzen da; mendate honi Gastiain ere esaten zaio, baita Berrabia ere, haren azpian dagoen herriaren izenarekin, alegia.
Perriain ez da ikusten, eskuinean pagadiak ezkutatuta. Gailurrera iristeko, alanbre-hesia zeharkatu (eskuinaldean dagoena) eta pagadian gora egin beharko dugu, han aurkituko ditugun abere-bide ugarietako edozeinetatik.
Behin mendi-lepo garbi eta harritsura helduz gero, mendi ertzetik tontor nagusirantz joatea besterik ez dugu egin beharko (1h 05′). Perriain ere esaten zaion mendi honen gailurrean, zurezko gurutze handi bat eta Manuel Iradier elkarteko postontzi bat daude. Handik ederki ikusten dira Kodesko mendilerroa eta Joar mendia, Izkiko mendiak -horien artean nabarmen San Kristobal-, Entziako mendilerroa, Santa Teodosia ermita, Arnaba eta, bereziki, Kanpezuko eta Haranako bailarak.
Ibilaldia luza daiteke, Done Bikendi eta Kanpezu lotzen dituen haitzartearen gainean nabarmentzen den Lokizko azken gailur aldera: Somorredondo aldera, alegia. Ordubete pasatxoko ibilaldia da (joan eta etorri) mendiaren ertzetik, gailurrera iritsi arte.
Uribarrira bide beretik itzultzen da. Itzulera azkarra da, baina nahiko zaila, bideak labainkorrak baitira, hosto lehorrez estalita egoten direlako beti.
Denbora gutxi gorabehera: Perriainera 2h 20’ (joan-etorria).
Somorredondora: 1h 15’ gehiago.