ORIXOL (Oriol) 1.127 m.
Etxaguengo Haitzen artean mendirik garaiena da. Kruzeta gainean hasiko gara, Aramaiotik Legutiora doan errepidean. Begiratoki deigarri baten ondoren, eskuinaldean zabalgune bat dago, eta hor hasten da Olaetara doan errepidea (marra gorriak eta zuriak daude). Errepidea saihesteko, pista bat hartuko dugu, zelaigunearen hondoan ezkerraldean hasi eta pinudian iparralderantz sartzen dena, 10 minutuan lehen aipatutako errepidera ateratzeko. Errepide hartan metro batzuk egin, eta San Kristobal ermita dagoen pagadi polit batera iritsiko gara. Pagadia gaindituta, ezkerrean txabola bat dago irekita, eta handik metro gutxira pista bat ateratzen da, pinuen artean aldapa biziko igoera duena (jarraitu markak). Pisten bidegurutze batera iritsiko gara, eta ezkerreko bigarren pistatik jarraituko dugu. Gero, txabola bat ezkerretara utzi ondoren, aurrera jarraituko dugu, burdinaz landutako gurutze artistiko baterantz. Hura gaindituta, belardi batera iritsiko gara. Eskuinetara, bidezidor bat igotzen da muino harritsu baterantz; harkaiztia ezkerraldetik inguratu (kontuz markekin) eta mendi-lepo txiki batera irtengo gara. Handik, Santikurutz ermita txikia ikusten da. Eskuinetara dagoen pagadira joango gara, eta han gorantz doan bidezidor bat hartuko dugu, harkaiztiaren oinarria ezkerretik inguratuz, ermitaraino heltzeko 59′. Handik gailurrerantz jarraitu, ezkerraldean, harkaiztiaren eta pagadiaren artean, abiatzen den bidezidorrari jarraituz. Bidean seinaleetako bat margotua duen mugarri txiki bat aurkitzen dugunean, ikusiko dugu metro batzuk aurrerago marrak daudela, ordura arteko bidea utzi eta arroken artean monolito batez eta postontzi batez seinalatutako gailurreraino igotzen direnak.
Han goitik ikuspegi ederrak daude: Aramaioko harana, etab.
Denbora: 1h 15’.
Zabalandiko lepotik.
Gure ezkerretara Ipizte (Iruatxeta) utzita eta Leziagako lepotik pasatuz, gailurreraino doan bidexka markatuari jarraituko diogu. 1h.
Olaetatik, Santa Marina ermitatik. Eremu irekira irtetean, Kruzetako mendatera doan bidea utzi eta beste bat hartuko dugu ezkerretara, aurreko ibilbidearekin bat egin eta handik jarraitzeko. 1h 30’.