Z7 – ARZABAL – IZEGUI

ARZABAL (Iramendi) 1.206 m.

Zilbetitik, Guardia Zibilen kuartelaren ondoan hasten den pista batetik irtengo gara. 200 bat metrora pixka bat beherantz egiten du, erreka bat zeharkatzeko; bihurgune zabalak eginez, poliki-poliki maldan gora igotzen da, Gurutxaga lepo aldera (30’). Pista pixka bat estutu egiten da hemen, nahiz eta oraindik argia eta nahastezina izan. Alanbre-hesi bat gurutzatu ondoren (8’), jarraitu egiten du lepo txiki batera iritsi arte (5’); orduan, erabat eskuinera itzuli, eta mendi-bizkarreko lerroari segitu (aldapa nahiko gogorra da orain), beste alanbre hesi batera iritsi arte (20’); han, gertu harri-pila batekin seinaleztatuta dagoen gailurrera arte jarraitu (5’).

Denbora guztira:  1h 10’.

AZEGI (Azegia) 1.015 m.

Eugi: Herriko sarreran (Elizondorako norabidean), ostatuaren ondoan eskuinetara (ezkerrean hilerria), bide bat hasten da txalet multzo baterantz igotzen, Gurutxaga leporaino iristen dena (Iramendi eta Azegia artean). Pistaren bihurgune batean (23’), baserri batera iritsi baino lehentxeago, pista utzi eta ibarretik doan bidetik jarraitu. Landa-hesi batera iristean (5′), bidea utzi, martxaren noranzkoa aldatu eta mendi-hegaletik poliki-poliki igotzen den bidezidorrari jarraitu; ehun bat metrora, ezkerrera joko dugu, zuzenean igo eta gailur-lerrora heltzeko (7’); behin hara iritsita, atzealdean, eskuinean, gailurra ikusten da, ezpel sastrakaren bat edo beste duen belarrezko eremu eroso batetik erraz iristeko moduan. Azken aldaparen erdian, alanbre hesi bat gurutzatu (15′) eta, berehala, hainbat harriz adierazitako gailurrera iristen da (5′).

Denbora guztira: 55’