1. KORRES-MUELA-DURRUMA-BUJANDA-KORRES.
Elizatik abiatuta, herriko kaleetatik jaitsiko gara zementuzko pista bat aurkitu arte. Pista hori, laster bide bihurtu eta Izki ibairaino jaitsiko da. Han ibaia gurutzatu eta pixka bat igotzen hasiko da, harizti baten parean dagoen bidegurutze batera iritsi arte (10′). Ezkerretik zelai batzuetara iristen da eta, ganaduaren bidezidorrez baliatuz, ezkerreko muinora igotzen da. Ekialdeko isurialdera igaroko gara, beste bidezidor bat hartu eta bide zabalago batera heltzeko (25′). Norabide berean jarraituko dugu, pixkanaka gora eginez, eta amildegiaren beste aldean Soilako hormatzarrak ikusiko ditugu. Pagadi batean sartzean (35′), eskuinetara ezkutu samarrean dagoen bidexka bat hartu (zintak daude zuhaitzetan), eta kontu handiz ibili behar da landaretzaren erdian ez galtzeko. Basoan aurrera egingo dugu Muelako lepora iritsi arte (1h 05′). Gure ezkerretara dago gailurra, 1.059 m. (1h 15’)(Hegoaldera, sekulako zeharrebakia eta panoramika bikaina: Toloño eta Kodes).
Berriro lepora itzulita (1h 25′), gure aurrean San Roman haitza dago, garaiera apur bat txikiagokoa eta, gailurraren azpian, haitzulo batean eraikitako baseliza bat duena. Ezkerretara utziko dugu Durruma herrira doan bidea (Muelarako biderik errazena da), gailurrera doan bidezidor on batetik jarraitzeko. Baseliza aurkitu eta ikusi ondoren (1h 40′), honaino ekarri gaituen bidean metro batzuk atzera egingo dugu, bidegurutze batera heldu arte, non zuzenean Durruma herrira jaisten den bidea hartuko dugun (1h 55′).
Elizatik ezkerrera biratuta, hilerriaren ondotik abiatzen den bide bat hartu eta Bujandako errepidera iritsiko gara, 1,5 km. Bujandan sartu aurretik (2h 40′), ezkerraldean soroetako pista bat abiatzen da, Izki ibaiarekiko paraleloan, Korres aldera. Lehenengo bidegurutzean eskuinetara eta hurrengoan ezkerretara hartuta, aurrera egingo dugu, inguru horretan arroken artean ezkutatutako Izkiko baltsa txikia aurkitu arte (3h 15′). Handik gertu dago Korres (3h 30’).
2. KORRES-SOILA-ANTOÑANA
Elizatik: Bide bat Soila aldera igotzen da. Hilerriaren ondotik igaro eta berehala bidegurutze bat uzten du ezkerretara, aldapa tente samarrean gora Soila mendiaren hegalean dagoen ordoki txiki bateraino igotzeko (20′). Hauxe da bide zabala utzi eta mendian gora jarraitzeko unea. Belardi batzuetara iristean, bidezidor batek ezpel artean sartu eta gailurrera eramango gaitu; han “begi” bitxi bat (mendi-ertza zeharkatzen duen zuloa) aurkituko dugu. Postontzi batek adierazitako gailurra metro batzuk aurrerago geratzen da (40′). Muela mendikoaren antzeko ezaugarriak dituen hego-hego-ekialderako amildegi bertikal batek apaintzen du leku bakartia. Handik ederki ikusten dira Izkiko basoak. Pinturaz markatutako bidexka batetik gailurrean atzera eginez, ertzaren azpiko korridore harrigarria aurkituko dugu gure ibilbidean, bat-bateko jaitsiera hasi aurretik. Arteak saihestuz, Antoñanara eramango gaituen pista batera iritsiko gara (1h 25’).
3. KORRESKO MENDATEA-MANTXIBIO
Korres herria Maezturekin lotzen duen errepideko Korresko mendatetik, pago eta haritzen basoan sartzen diren bide batzuk ateratzen dira Mantxibio aldera. Eskuinerago dagoena hartuta, 20 minutu eskasetan iritsiko gara 935 metroko mendi honen gailurrera.
4. KORRES-BELABIA-MARKIZ
Ibilaldi honetan Izkiko basoa zeharkatu eta, Markizera iristean, erraz asko aurkitu daitezkeen historiaurreko kobazulo batzuk bisitatzeko aukera izango dugu. Korrestik kilometro batera, Durrumara doan errepidean, soroetako pista bat ateratzen da eskuinera, Izki ibaiko ibilguaren parean. Alanbre-hesi batera iristean (20′) pista amaitzen da, eta orain bide batek inguratzen du ezkerretik landutako azken lursaila. Ibaiaren bideari jarraituz, harizti erraldoian sartuko gara orain. Handik gutxira, Barranco Largo erreka zeharkatu ondoren (35′), bidegurutze batean bidezidor estu bat hartuko dugu ezkerretara, ibaiaren ibilbideari jarraitzen diona. Jarraian, eskuinetik etorriko zaigun Arrankado erreka gurutzatuko dugu, eta bidean ez galtzeko kontu handiz ibiliz, basoko soilgune batera iritsiko gara (45′). Orain, eskuinetik, Yermanda gainera doan bide bat hartuko dugu. Nahiko egoera kaxkarrean dagoen bide hau, ibilbideko zatirik interesgarrienean barneratzen da (landaredi oparoa duena). Landetan zehar gabiltzanez, berriro ere gure arreta areagotuz, erdian etxola bat duen alanbre-hesi bat aurkituko dugu (1h 10′). Zelai horiek eskuinetik inguratu eta norabide berari jarraituz, pista zabal batean amaitzen den bide batera iritsiko gara (1h 35′); gero, Errekagatxa erreka zeharkatu eta, Kintanara doan bide bat ezkerretara utziz, bidegurutze bat dagoen zelai batzuetara irtengo gara (2h). Pistatik aurrera jarraituz, arazorik gabe iritsiko gara Markiz herrira Belabia eta San Justi arteko lepotik (3h). Belabiako gailurretik igaro nahi badugu, aurreko bidegurutzean hartu ezkerrera (azken zatia sasi artetik doa eremu zailean), hurrengo bidegurutzean eskuinera (2h 15′) eta gero, aurrerago, ezkerrera alanbre-hesi bat zeharkatu eta pista zabalago batera iritsiko gara (2h 35′). Handik aurrera, aukeratu eskuinera biderik erosoena, haritz eta sasi artean 970 metroko gailurrera igotzeko. Jaitsierako bidea argia da: bidezidorra muinoan behera doa soro artean. Iritsi baino lehentxeago, ezkerretara, harkaitzean zulatutako eta mendebaldera begira dauden Txarrondako haitzuloak ikusiko ditugu. Minutu gutxitan iritsiko gara Markizera (3h 50′). Herriaren irteeran, San Juan ermitaren inguruan, Larreako kobazuloak daude, hauek ere historiaurrekoak.
5. ARLUZEA-SAN JUSTI-SAN KRISTOBAL-APELLANIZ (Apilaiz)
Arluzeko kaleetatik mendebalderago dagoen amildegirantz (Arratiakoa) igoz, iturri askadun bat utziko dugu herriaren irteeran eta ehun metro inguru egingo ditugu lur-sail batean, zeharka dagoen beste batera iritsi arte. Ezkerretik jarraituko dugu eta, handik gutxira, amildegitik jaisten den errekaren parera iritsiko gara. Bideak malda gogorrean egiten du inguru estuan gora eta mendilerroaren goialdera igotzen da (30′). Paisaian belardiak agertzen dira pago-multzoekin. 90 gradu eskuinera biratuz, bide errazetik iritsiko gara tontorrean postontzi bat duen 1.028 metroko San Justi mendira (45′). Handik San Kristobalera, ia aldaparik gabe joango gara, ezkerretara Kapilduiko gailurreria utziz eta eskuinetara Izkiko eremuaren gainean ibiliko gara hura baino 200 metro gorago. Azkenean, aldapa labur bat igota, 1.057 metrotara dagoen San Kristobal mendiko gurutzera iritsiko gara (1h 30′). Behealdean Apilaiz ikusiko dugu. Haraino heltzeko, aurrena eskuinalderantz egin eta aldapa gogorretik jaitsiko gara Arrankado lepora. Handik, bailara osoan barrena jaisten da bidea, iturri baten ondotik igarota, Apilaizera iritsi arte. Han, etxeen arteko pasabide bitxi batek ongietorria emango digu (2h 35′).