ARRIGORRISTA 1.143
OPAKUA. Mendatearen goialdean, Aguraindik igota eskuinaldean eta “Urbasako zundaketa” dioen kartela atzean dugula, baso itxian barneratzen den bide nahiko markatu bat hartuko dugu. Behin basoan gaudenean, bidea argiagoa da eta malda handirik gabe egiten du gora, mendi-bizkarraren ertzaren ezkerraldetik, inolako zailtasunik gabe gailurreraino iristeko (baso garbia da).
Denbora: 30’.
SAN KRISTOBAL 1.142
ITURRIETA. Mendatearen gainaldean, errepidearen ezkerraldean, pista asfaltatu bat hasten da, eta handik bi ibilbide egin daitezke:
1. Pistatik joan, antena baten ondoan amaitzen den arte, eta eskuineko bidetik gailurreriatik jarraitu 400 bat metro, postontzira iristeko. Denbora: 1h.
2. Pista horretako lehen gaina igaro ondoren, jaitsi pixka bat, bihurgune batera iritsi arte. Utzi orduan pista eta igo pareko bizkarrean gora zuzenean; gero, eskuinera itzuli pixka bat baso garbian zehar, gainez gain gailurreraino jarraitzeko. Denbora: 50’.
SANTA ELENA 1.110
ONRAITA. Laborantza-eremu batzuk zeharkatu ondoren, irten pista batetik. Sigi-saga eginez, pista hori gailurreriako hegalerantz doa, pixkanaka maldan gora igoz. Landaretzak estalita, pista hori behin eta berriro desagertu egiten da. Kontuan izan behar da etengabe altuera irabazten joan behar dela (ez dago zailtasunik, baso argia da eta nahiko garbia). Gainera iritsi eta handik zertxobait eskuinalderago dago gailurra. Denbora: 30/40’ (15 metroko gurutzea du).
BITIGARRA (Abitigarra) 1.169
Erroitegitik Ibisaterako bidean kilometro erdi bat igarota, gaintxo batean gurdibide bat hasten da, hasieran errepidearekiko paraleloan doana. Bidegurutze batera iristean, eskuineko bidetik jarraituko dugu, bihurgune bat eginez gailurreriarantz hartzen duena. Bide zabala eta argia da, ezkerrean laborantza-lurrak dituena eta eskuinean mendi-bizkar garbia. Ezkerrera egiten duen beste bihurgune batek mendi-hegala estaltzen duen basoa inguratzen du eta bertan sartzen da; gero, aldapa handixeagotan gora, ibarbide batetik igotzen da, mendi-lepo txiki batera iristeko. Jo orduan eskuinaldera, beste hegalera doan bidea utzita, eta jarraitu gainik gain handik gertu dagoen gailurreraino. Denbora: 50’.