Z8 – MONTES DE VITORIA

ESKIBEL (Eskibelgo atxa) 815 m.

Burgoserako errepide nagusian, Gasteiztik 2 kilometrora Armentia herria igaro eta laster, ezkerretara bide bat hasten da, handik 500 bat metrora gune ireki batera iristen dena. Han, eskuinean, zelai hesitu bat dago, eta eraikin handi bat ere bai, zuhaitzez inguratua (10′). Aurreraxeago bitan banatzen da (5’). Jarraitu eskuineko bidetik; pixka bat jaitsi egiten da errekasto bat zeharkatzeko, eta, gero, igotzen hasten da pixkanaka, tontorraren behealdean dagoen baserri bakarti aldera (Eskibel) (15′). Baserri horretatik eskuinera aldapa handi samarra duen bide markatu eta harritsu bat igotzen da, mendi-mazela osoa estaltzen duen zuhaitz txikien basotxoan barneratzen dena, gailurrera iritsi arte. Bertan, antzinako gotorleku baten hondakinak eta postontzi seinaleztatzailea daude (25′). Denbora guztira: 55’.

BUSTO (Bustuko gana) 978 m.

Gasteiztik aurrera Armentia eta Gometxa igarota (Burgoserako errepide nagusia), jarraitu lehenbizi Ariñezeraino (5 kilometro), eta, gero, handik Zumeltzuraino doan tokiko errepidea (2 kilometro). Herri horretako azken etxearen ondoan, gurdibide bat hasten da, berehala bitan banatzen dena.

1.- Ezkerretara ateratzen den bidea, bihurgune bat eginez igotzen da mendi-hegalean gora, Zaldiaran eta Bustuko gana gailurren arteko lepora iritsi arte. Handik eskuinera jarraitu gailurreraino, malda gogorreko bidezidor batetik. (60’).

2.- Jarraitu hasierako bidezidorretik, ezkerretara beste bidexka bat (15′) ateratzen den gunera iritsi arte. Azken bidexka hau bi ezponda txikiren artean mehartuta igotzen da, pagadiaren hasieran, zementuzko kutxatila baten ondoan (10′) iturburu bat sortzen den tokiraino heldu arte. Jarraitu handik zuzen basoan zehar, gailurreria aldera, horma harritsura iritsi arte (aldapa oso gogorra da), eta inguratu tarte txiki batean ezkerretara, bidezidor bat aurkitu arte. Metro gutxitan, bidezidor hori mugarriaren eta postontziaren ondoan dagoen ataka batera iristen da (25′). Denbora guztira: 50’.

ARRIETA (Cuervo) 1.006 m. eta ZALDIARAN 978 m.

Gasteizko mendatea. Bidezidor seinaleztatu batek mendi-lepo batera eramango gaitu, gero iturri batera (839 m) eta, azkenik, gainez gain gailurreraino (50′). Jarraian Doroñuko mendatera jaitsi (zutoinak) eta bide zabaletik Zaldiaranera arte (mendatea eta gailurra)(45’).