ELGETAKO MENDIAK, SORALUZEKOAK, EIBARKOAK, etab.
KLABELINATZ (Krabeliñaitz) 603 m.
Soraluzeko sarreran, Eibarrerako norabidean, ezkerrera desbideratu bide asfaltatu batetik. Bide hori lantegi baten ondotik igaro eta 50 metro gorago amaitzen da, baserri baten ondoan. Handik bide bat abiatzen da, aldapa handi samar eta luze batean gora igo, mendi-hegala inguratu eta, eskuinaldean eroritako baserri bat utzi ondoren (23′), pista batekin bat egiten duena (2′). Pista hori, zabalgune txiki batean dagoen beste baserri batera iristen da (Untzueta) (3′). Bide horrek aurrera jarraitzen du, ondo markatuta, goraxeago dagoen beste baserri bateraino (Untzueta erdikoa)(7′). Pixka bat eskuinera egin eta, landa-hesi bat zeharkatu ondoren, beste pista batekin (3′) elkartuko da, beste baserri handi baten ondoan amaitzeko (Untzueta gainekoa)(5′). Jarraitu mendi-lepo bateraino iristen den basoko pistatik (12′), eta hartu eskuinera, gainez gain, handik gertu dagoen gailurreraino (8′); inolako deskribapenik ez duen postontzi bat dago bertan.
Denbora guztira: 63’.
TOPINBURU 590 m.
Soraluze igaro eta 500 bat metrora, Eibarrera bidean, pista asfaltatu bat abiatzen da ezkerretara, Galdaramuñoko errepikagailuraino igotzen dena (669 m). Eskuinaldean aterpe bat duen (Gure Basetxea) Goimendiko mendi-lepoaren sarreran (4 kilometro gutxi gorabehera), jarraitu mendi-bizkarraren ezkerreko hegaletik igotzen den ondo markaturiko bide batetik. Punturik altuenera iristean, pinudian zehar eskuinera egin eta handik 30 bat metrora dago postontzia.
Denbora guztira: 75’.
EIBARTIK
Hartu hilerriaren ondotik eta Urki auzotik igaro eta Altamira baserrirantz (sakana atzealdean, eskuinetara) igotzen den bidea. Lehenengo bidegurutzera iristean, jarraitu ezkerreko bidetik, bigarrengoan, berriz, eskuinekotik, Azurtzako baserrietarantz (sakan bat dago). Goraxeago, bideak bat egiten du Galdaramuñora igotzen den pistarekin. Goimendi leporaino jaitsi eta aurreko ibilbidean adierazitako bidetik jarraitu.
Denbora guztira: 85’.