MONTERRIA 1.240 m.
Atuzkarrazko mendilerroan dago, Zaraitzu ibarrean, Orontzeko eta Espartzako udalerrien artean. Orontzetik abiatuko gara, Otsagabiatik kilometro gutxira. Elizaren atzeko zelaian gaudela, hura utzi eta erreka mehar bat zeharkatuko dugu. Errekaren paretik igota, bi zelai gaindituko ditugu, ezkerrera igotzen den bide zahar harriztatua aurkitu arte. Bihurgune batean pista zabal batera iristean, handik aurrera egingo dugu eskuinaldean beste bide batekin topo egin arte, eta bide honetatik jarraituko dugu orain. Basotik zelai batzuetara irtenda, bideak gora egiten du, berriro basoan sartzen den arte; han bidea utzi eta bidezidor bat hartuko dugu, zuhaitzak gure ezkerretara utzita, alde horretan bertan dagoen alanbre hesi batera iritsi arte. Basoan sartzen den bidezidorrari jarraituko diogu, galtzen den arte, eta handik aurrerako tartea trinkoa eta itxia denez, nahiko zaila egingo zaigu tontor harkaiztsura iristea.
Denbora: 1h 30’.