AZAROA, ZIENTZIAROA: “BERTAKO IKERLARI ETA EKINTZAILEAK” – NAIA BEGIRISTAIN / ANDONI BERBEL / EIDER SARASOLA

Azaroa, Zientziaroa zikloaren barruan, aste hau ere betea izango da:
Gaur bertan, “Kapsula Kuantikoa” dugu Beasainen. Moduluak, modu errazean, fisika kuantikoari buruzko oinarrizko ezagutza jarriko du herritarren eskura; Basq Qantumek eta Eusko Jaurlaritzak antolatuta, Ordiziara iritsiko (erne, Garagartza plazara aldatu da) bihar, hilak 25, Lazkaora 26an, Zaldibiara 27an, Ataunera 28an eta Idiazabalera abenduaren 1ean. Parte hartzera animatzen zaituztegu.
Ostiralean, hilak 27, arratsaldeko 19:00etan, Beasaingo Igartza Jauregian, hamabostgarrenez, Bertako Ikerlari eta Ekintzaileak ekitaldi kuttuna ospatuko dugu. Aurten, Naia Begiristain lazkotarra, Andoni Berbel beasaindarra eta Eider Sarasola ordiziarra izango ditugu.
Jarduera hauek zuen gustukoak izango direlakoan eta zabaltzen lagunduko diguzuelakoan, jaso ezazue agur bero bat, Lemniskataren izenean.