
FERNANDO PLAZAOLA MUGURUZA (Legorreta)
Madrileko Complutense Unibertsitateko Fisika Fakultatean Zientzia Fisikoetan Lizentziatua, Eusko Jaurlaritzako ikerlariak formatzeko laguntza bati esker Helsinkiko Teknologia Unibertsitatean doktoretza garatu zuen eta UPV/EHUn Doktore izendatua izan zen. Unibertsitate honetan Teknika Nuklearren bidez Materialak ikertzeko laborategia sortu zuen eta MIMASPEC ikerketa-taldearen buru
da. Zuzentzen dituen ikerketa-lerroak bai materialen eta euren aplikazio teknologikoen zein minbiziaren diagnostikorako eta terapiarako instrumentazio berrien ikerketara bideratuta daude. Besteen artean, UPV/EHUko Ikerketa-Errektoreordea eta Errektorea funtziotan (2013-17) izan da.
Egun, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Dekanoa da. Fernando Plazaola Lemniskatako laguntzailea da eta, oraingoa bertan emandako hirugarren hitzaldia du; hainbatetan gure ekitaldien aurkezlea izan dugu.
“Hitzaldiaren helburua da era ulerterrazean egun dugun unibertsoaren ezagutza nola lortu dugun aurkeztea. Hainbatetan bidea helmuga baino interesgarriagoa da, eta kasu honetan horrela dela zalantzarik gabe esan daiteke. Izan ere, oso sendo errotutako kontzeptuak, sinesmenak … bidean ipurdi agerian geratu baitira; bereziki XX. mendetik orain arte. Bai, orain ere!
Aurkezpeneko lehen zatian Einsteinen aurreko unibertsoari buruzko teoriak azalduko ditut, eta ostean 1905 eta 1915 urtetan Einsteinek argitaraturiko teoriek sortu zuten kontzeptuen triskantza, adibidez, denboraz edo espazioaz genuen ulermenaz. Horretarako gugandik oso hurbil ditugun adibideak erabiliko ditut.
Teoria horiek iradokitzen dituzten kontzeptu berriak deskribatuko dira ere, hala nola zulo beltzena. Ondoren kosmologia modernoaren jatorria azalduko da eta egun denok ezagutzen dugun Big Bang teoria azalduko dut, eta halaber, zertan oinarrituta dagoen eta babesten duten argudioak erakutsiko dira.
Hitzaldiaren azken zatian, aipatu bidea jarraituz, unibertsoaz ezagutzen duguna, izatez, oso gutxi dela jabetuko gara. Duela 25 urteko behaketek gainera, unibertsoaren ezagutza irauli dute. Adibidez, unibertsoan dagoen materiatik bakarrik %4a ezagutzen dugu, beste %96a ez dugu ezagutzen. Materia ezezagun horretatik =%25a zer izan daitekeen somatzen dugu, baina beste =%75-ri buruz ez daukagu zantzu sendorik. Hasieran aipatu dudan bezala, hitzaldiaren helburua eta nahía uler erraztasuna da!!!
- Data: 11-29
- Ordua: 19:00
- Lekua: Igartza Jauregia, Beasain
- Fecha: 29-11
- Hora: 19:00
- Lugar: Palacio Igartza, Beasain
